XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

EGIAZ OSO BEGI BIZIAK DITUK

Mefistofeles-ek: Eta, hala eta guztiz ere, herioa ez da sekula ostalari ongi hartua izaten.

(FAUSTO W. GOETHE).

Nazaro, sarri askotan esan diadan gauza duk baina, egiaz oso begi biziak dituk; bene-benetan hire begiek bizitza, geure bizitzaren gora-beherak zekarzkidatek gogora.

Bai horixe! eta gainera, badakik hik alferrik ari haizela ez-entzunarena egiten, bai horixe! badakik, ongi aski jakin ere, erdi txoraturik hituena auzoko neska guztiak, edo guztiak ez baziren, gehienak behintzat bai; kasurako, Karmenek lau haizetara botatzen zituen lore ederrak, edo Mariaren begirada zirikagarriak, edo... gaur arte, behin ere ez diat esan, baina hire begiek nire ahizpa bera ere zeukaaten ia-ia liluratuta, txorabiatuta... berak esana zekiat nik hori, ez bestek kontatuta; nobiotan bazebilen bat baino gehiago hire atzetik, jakingo ez diat, ba! bazeukat, ez pentsa, Anarekin gertatutakoaren berri, zee azken baten herriska hartan ez baitzegoen besteen ixilean ibiltzerik, ezta izkutuan jokatzerik...

Begi biziak, bai, baina azken bolada honetan antiojo zantar horiek moteldu egin zioten lehengo bizitasun hura; bai, garbi asko azaldu nionan nik betaurrekoak egunaren ordu guztietan eramatearen ondorioa, baina betikoa! jaramonik ez, eta gero gerokoak!

Nik esana bete balu!? baina, hobe ez! edozein gauza neri ez obeditzearren, niri amore ez ematearren...

Berak ezetz esan arren halaxe jokatu izan din ezkondu ginenetik, beti kontrakarrean, beti jazarriz, aurka egiten, arrazoi eta egia osoa duenarena egiten; bai, oraindik ere, begi biziak dizkin, pixkat ilunagoak baina.

Setatia dun gero gizon hau!!! gauza bera hainbat eta hainbatetan errepikatu, eta berak berean gogor... antiojoak kentzeko, Nazaro... eta berak ezetzean jarraitu, ezertxo ere esan ez banu bezala; Maximok intelektual antzarena aitatu zionetik ongi harrotua zebilenan gixajoa, bai gixajoa, zee beste izanik ez baitu merezi!!!

Jabi Alberdi.